Untitled

OINARRI PEDAGOGIKOA ETA NORTASUNA

Umerri, nortasun propioa duen proiektua da, bizitza bera bezala, etengabeko ikaskuntza prozesu batean murgilduta dagoena.

Aniztasuna, autonomia, askatasun arduratsua, autogestioa eta komunitate sena dira bestak beste Umerrin bermatu nahi ditugun baloreak, denak Euskararen babespean. 

Iturri desberdinetatik elikatzeaz gain (Wild, Montessori, Hezkuntza sortzailea, Chubarovsky, Waldorf, Pikler...), gure esperientziek markatzen dute gure bidea. Honen oinarrian, etapa ebolutibo bakoitzaren ezaugarriak kontutan hartzen ditugu, ume bakoitzaren prozesua era integral batean ahalbidetuz (mugimendua, emozioak, alde kognitiboa, psikikoa, soziala…).

Errespetua da eguneroko funtzionamenduaren oinarria. Ikasketa prozesuak emateko, ezinbestekoa ikusten dugu umea erlaxaturik, seguru, onartua eta maitatua sentitzea. Arrisku aktiborik gabe eta presiorik gabe. Horrela; umearen ongizatea zaintzea da eskolako zeregin nagusienetarikoa.

Ume bakoitza bakarra eta errepikaezina dela sinisten dugu. Momentu oro ume bakoitzaren garapen-prozesua, nortasuna eta erritmoa errespetatzea oso garrantzitsua ikusten dugu, aurreiritzi eta helduon presiorik gabe.

Umearen potentzialetan eta berez ikasteko duen gaitasunetan konfiantza osoa dugu. Ikasketa barrutik kanpora ematen dela ulertzen dugu. Umearen interesetatik, trebetasunetatik, beharrizanetatik, motibazioetatik, arduretatik eta proposamenetatik abiatzen gara, hezkuntza-aukera askeak eta garapen osoa ahalbidetuko duen testuinguru prestatuak eskeiniz.

Ikasteko prozesuan jolasari eta mugimenduari garrantzia handia ematen diegu. Jolas-librea eta ikasketa bat direla esango genuke.

Umea, bere osotasunean errespetatzen dugu. Epairik gabeko begirada eta komunikazioa bultzatzen ditugu. Haurraren beharrizan fisiko zein emozionalak bermatzen saiatzen gara, berauek kudeatzen lagunduz eta emozio guztien adierazpen askea ahalbidetuz.